XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ornodunek lortu dute nerbio-sistemaren konplexutasun-maila gorena. Nerbio-sistema bizkarraldean duten metazoo bakarrak dira. Fetuaren alde dortsaleko ektodermoaren inbaginazioaz hodi neurala eratzen da. Hau loditu eta aurreko partean tolestu eta transformatu egiten da. Horrela aurrealdean entzefaloa eta atzealdean muina sortzen dira. Garapenean zehar bete egiten da, aldi berean meningeak (duramaterra, araknoidea eta piamaterra), ornoak eta garezurrak estaliz. Betetze eta loditze hori ez da erabatekoa izaten. Muinean ependimo izeneko hutsune fina gelditzen da eta entzefaloan lau bentrikulu edo barrunbe.

2. Meningitisari buruz zerbait entzungo zenuen. Dakizunez, gaixotasun horrek zoritxarreko ondorioak izan ditzake. Ba al dakizu zertan datzan eta zer sintoma dituen?

Zakurra - Gizakia

Bentrikuluetako barnealdeko zelulek likido zefalorrakideoa ekoizten dute eta honek araknoide eta piamater meningeen artean zirkulatzen du. Nerbio-sistema babestu egiten du eta odol-zirkulazioari lagundu egiten dio. Entzefaloak eta bizkarrezur-muinak nerbio-sistema zentrala osatzen dute. Bestalde, entzefalo eta muinetik kordoi-itxurako luzapen batzuk irteten dira; nerbioak, hain zuzen. Hauek nerbio-sistema periferikoa osatzen dute.

Behe-mailako ornodunen entzefaloa, arrainena adibidez, ia lerro zuzen bat da. Usain-, dastamen- eta entzumen-lobulu handiak ditu eta garunak garapen txikia du. Oro har, behe-mailako ornodunen usain-lobuluak goi-mailakoenak baino handiagoak izaten dira. Zerebeloa eboluzio-lerroari jarraituz garatu da.

Ariketa

V.93. ariketa

Entzefaloa eboluzioan gero eta handiagoa egin da eta horrekin batera garunak zirkunboluzio edo tolestura gehiago izan ditu. Animalia horiengan zer ondorio izan ditu? Erantzunean arrazoiak eman.

Nerbio-sistema periferikoa osatzen duten nerbioak, bereizi egiten dira: alde batetik bizkarrezurreko nerbioak daude (bizkarrezurreko muinetik ateratzen direnak). Hauek, arrainengan izan ezik 31 pare izaten dira ornodun guztiengan. Bizkarrezurreko muinetik ateratzen diren sustrai bentralak eta sustrai dortsalak elkartuta eratzen direnak.